2019-2020 KURTSO POLITIKOAREN BALORAZIOA

Idatzi honen bitartez, 2019-2020 kurtso politikoko balorazio politiko orokorra plazaratu nahi dugu. Testu labur honen helburua kurtsoan martxan jarri ditugun lan lerroen zentzua azaltzea eta jorratzen ari garen norabide politikoa aurkeztea da, eta ez, horrenbestez, kurtsoko gertakari eta elementu guztien balorazioa egitea.


Lehendabizi, prozesu sozialistaren garapenerako gaitasunen antolaketari dagokionez, zenbait esparru jorratu ditugu. Horietako bat lan egunen antolaketa izan da: jardun politikoa posible egitera bidean, behar tekniko zein azpiegitura-beharrak asetzeko balio izan digute. Horrekiko lotura estuan antolatu nahi genuen aurten ere Topagunea: izan ere, dimentsio handiko lan prozesu bat gauzatzeko biltzen garen ekimen bezala ulertzen dugu. Aurten Legution egin behar genuen, baina koronabirusak sortu berri duen egoera dela-eta bertan behera utzi behar izan dugu, nahiz eta hilabeteetan zehar berau antolatzeko lanak egiten ibili garen. Horrez gain, formakuntza teorikora bideratutako mintegiak antolatu ditugu kurtsoan zehar. Mintegi horiek militanteok gaitasun analitikoak eskuratzeko eta garatzeko saioak dira, zeinetan errealitatea aztertzeko erreminta teorikoak lantzen ditugun. Izan ere, ez dago politika eraginkorrik baldin eta gizartea mugiarazten duten indar-motorren azterketarik egiten ez badu. Aipagarria da, baita ere, herrialdeetako topaketa sozialisten antolaketa, eskualde ugaritako jendea elkartu, koiunturako zenbait auziren gainean eztabaidatu eta aisialdiaz gozatzeko balio dutenak.


Lan lerro horiek estrategia sozialistaren gauzapenerako bitarteko bezala ulertzen ditugu. Gure indarren mugez kontziente gara, are gehiago orain dela ez asko jaio ginen eragile politiko berria garela kontuan izanda. Dena den, garrantzia handia ematen diogu indar metaketarako lan lerroen nolakotasunari, denak ez baitu balio: helburuek eta bitartekoek eskutik helduta joan behar dute une oro. Lan lerro horien zentzu politikoa honetan datza: independentzia politikoz dihard