ASKATASUN EZA POBREZIA DA ETA POBREZIA ASKATASUN EZA

Pandemiarekin erlazioan garatzen ari den krisi koiuntura honetan, aurrerabidearen edo progresuaren ideiak ohikoa zaion itxura hartu du beste behin ere: biztanleria xumeak bizi duen pobreziaren eta askatasun ezaren hazkunde bezala agertu zaigu. Beharrezko gertaera da hori gizarte kapitalistan, non aurrerabideak bankari eta enpresari handien irabazi ekonomikoaren erregimenarekin jarraitzea inplikatzen duen. Pobrezia eta askatasun eza ziklo ekonomiko berriak berrezarri duen bizi eredu proletarioaren ezaugarri nagusiak dira. Egia esan, bereizezinak diren bi errealitate baino ez dira; izan ere, zer da ba pobrezia existentziarako eskubidearen urraketa ez bada? Hau da, bizitzaren sostengurako eta garapenerako baliabideak erabiltzeko ukapen edo ezintasun bezala definitzen da, horrek urritasuna, miseria eta egiturazko zapalketa egoera dakarrelarik. Pobrezia, baina, gizarte baten garapen mailak posible bihurtzen dituen bizi ereduen arabera ere definitzen da. Horrenbestez, askatasunean oinarritutako bizi eredu unibertsal baten ukapenak, berau egingarria den garai historiko batean, gizarte eredu horren pobretasuna frogatzen du. Hori da, gure ustez, egungo gizarte eredu kapitalista ezaugarritzen duena. Izan ere, indar produktiboen hazkuntza izugarrian oinarritzen den garai historiko honetan, kapitalaren metaketan ardaztuta dagoen mundu mailako gizarte burgesak etengabe murrizten ditu indar horiek gizateria guztiarentzako sortu ahal dituzten hobekuntzarako aukerak. Zentzu horretan, sozialismoa errealitate oso horren antolaketarako eredu historikoa baino ez da, ikuspuntu etiko batetik beharrezko bezala aurkezten dena zapalduta dauden guztientzako. Tradizio sozialista historikoak egin bezala, guk ere aurrerabidea dominazio ereduen suntsipen eta askatasunaren hazkunde gisa ulertzen eta defendatzen jarraituko dugu.


Adimen artifizialaren eta robotikaren gidaritza pean, XXI. mendean izugarri ari dira garatzen indar sozialen gaitasun tekniko-produktiboak. Horrek gizateriaren ongizate unibertsalerako ekar ditzakeen aukerak baliatu beharrean, teknologia hori plusbalioaren hazkunderako erabiltzen da, jendartea sumisioan, diziplinan eta obedientzian oinarritutako sistema polizial batera lotuz. Koiuntura berri honetan, burgesiaren aginte-posizioa indartzen duten mekanismo eta eraso ereduak handitzen doaz eta horren