BASAKERIA KAPITALISTA GELDITU!

Atzo jakin genuen 53 urteko behargin batek bizia galdu zuela Soraurenen makina batek harrapatuta. Urteak bi hilabete ere egin ez dituen honetan, jada zortzi langilek galdu dute bizia lanean Euskal Herrian.


Oro har, sistema kapitalistak inposatzen dituen baldintza ekonomikoek eragiten dituzte ezbehar horiek. Izan ere, ekonomia kapitalistaren helburua irabazi kapitalistak handitzea da, eta gainerakoa bigarren mailan geratzen da. Kapitalismoak burgesiarentzat etekin ekonomikoak handitzeko testuingurua sortzen duen bitartean, langileriaren kalterako egoera erreproduzitzen du: lanpostu arriskutsuak, beharginen babeserako baliabide falta, segurtasun gutxiko makinak, lan ordu luzeak eta nekagarriak, presioa, deskantsurik eza... Finean, gizarte kapitalistan, ekonomiaren printzipioa kapitalaren metaketa da, eta proletariotzaren ongizatea eta osasuna guztiz debaluatuta daude.


Kapitalaren metaketa printzipioa, kasu batzuetan, lan istripu eta lan heriotza gisan adierazten da. la ezinezkoa bihurtu da ekoizpen prozesu kapitalistaren ondorioz zuzenean edo zeharka hiltzen direnen datuak zenbatzea; hala ere, Nazioarteko Lanaren Erakundearen (0IT) arabera, urtean 2.000.000 pertsonatik gora hiltzen da munduan lanpostuan edota lanpostutik eratorritako gaixotasunen ondorioz, eta kopurua askoz handiagoa da lan istripuei dagokienez. Terrorismo laboral hau urtero errepikatzen den gertakaria da. Beste batzuetan, aldiz, kapitalaren metaketa printzipioa esklabotza eta esplotazio zuzen gisan ere adierazten da. Adibidez, UNICEFen arabera, munduan 72.500.000 umek esklabotza egoeran egiten dute lan eta, bide beretik, sexu-esplotazioa milioika emakumek pairatzen dute egunero. Ekoizpen eredu kapitalistak milioika pertsonen bizitzak umiliatzen ditu urtero.