Erradikaltasunaren antzezpena xehatzearen beharraz

Estrategia partekatzen duten alderdi edo erakunde hori elikatzea gazte antolakundeak ardaztu izan dituen funtzio historiko bat izan da; elikatu bi zentzutan, militantez hornituz edota oinarri soziala handituz. Hau da, gazte militanteen helburuetako bat (nagusia orokorrean) gazte belaunaldiak estrategia jakin batera bideratzea izan da (eta da), horrela bermatzen baita borrokaren zikloak jarrai dezan eta era berean estrategiaren gauzagarritasunaren berme da. Baina militantziaz eta babes sozialaz gain, estrategia egingarri egiten duena taktika da. Taktikak estrategiak bezain beste ezaugarritzen du mugimendu bat, eta biak uztartzea eta modu egokian burutzea ez da gauza erraza. Errealitatea eta koiuntura interpretatzeko gaitasunaz gain, jakintza eta dote estrategikoak exijitzen ditu. Gaitasun horiek, orokorrean, mugimendu klasikoetan alderdietan kontzentratu izan dira eta hortik norabidetzen dira estrategia eta, kasu gehienetan, taktika. Batzuek auzia konplexuekin tratatzen badute ere, eraginkortasuna erakutsi izan duen forma organizatiboa izan da, burokratadez eta infantilismoez aparte.

Estrategia orok, taktikaz gain, indar akumulaziorako formak eta indar horren muskulua izango den subjektua eskatzen du halabeharrez. Subjektuak hauen gaitasun ekonomikoak, ideologiak, errealitate sozialak eta abar luze batek determinatzen ditu, eta subjektuak mugatzen du aurrera eramango den politika. Laburbilduz, helburu estrategikoak lortzeko artikulatu nahi duzun subjektua klase ertaina bada, zure politikak klase ertainarentzat izango dira, aldiz, proletalgoa artikulatu nahi baldin baduzu, zure politikak proletalgoaren emantzipazioa eskuratzera begira egon beharko lukete diseinatuta. Esan bezala, mugimendu orok du bere oinarri soziala eta artikulatu nahi duen subjektua. Mugimendu Sozialistarentzat proletalgo iraultzailea den bezala, Ezker Abertzalearentzat subjektua euskal-nazionalista ezkerkoi bat da eta hori klase ertain bezala itzultzen da Euskal Herrian. Argiago esateko: Ezker Abertzalearen proiektu politikoa garatzeko ezinbestekoa da klase ertaina mobilizatzea eta hortaz, subjektu horretara bideratutako politikak burutzea. Klase ertainak, bloke politiko gisa, klase antagonismoa neutralizatzen du, gatazkaren desplazamendu eta etsaitasunaren desitxuraketa baimentzeaz gain, burgesiarentzako euste-lana betetzen du, klase ertaina oro har antikomunista izateaz gain anti-iraultzailea ere izan ohi delako.