ABERRI EGUNA 2021


EUSKAL ESTATU SOZIALISTA ERAIKITZEN

Jardunbide politikoan bertan, hau da, errealitatea eraldatzeko eguneroko jardun militantean, mundu ikuskera bat adierazten da, modu partzialean bada ere, eta ikuskera horrek gaurko egunez hartzen duen formarik behinena modu zuzenean adierazi nahiko genuke: Euskal Herri aske baten alde gure ekarpena egiteko asmoz gabiltza egunerokotasunean. Izan ere, modu horretan ere eraikitzen da Euskal Herri askea, jardun militantean oinarritutako harreman sareen bitartez. Aldi berean, Aberri Egunaren esanahia eragile politiko ugariren arteko indar-harremanaren menpekoa ere badenez, Euskal Herri askeaz dugun ulerkera politikoa ere plazaratu nahiko genuke; zenbaitzuk egun honetan nazio batasunaren ideia interklasista eta abstraktua hedatu badute ere, gaur-gaurkoz, Euskal Herri aske batentzat bateraezinak diren proiektu politikoak daudela uste baitugu.


Guk uste duguna da Euskal Herriaren askatasuna ezin dela eskuratu burgesiaren boterea bere konplexutasun guztian desegin ezean. Izan ere, Euskal Herri askeaz ulertzen duguna zera da: esplotazio ekonomikorik gabeko lurraldea, zeinetan askatasun politiko unibertsala gailenduko den eta denbora luzez zapaldutako kultur elementuak indartu eta horien garapen askerako baldintzak existituko diren. Horrek, nahitaez, klase arteko dominazioa suntsitzea inplikatzen du, bai eta Frantziako eta Espainiako Estatu burgesen menderakuntzatik ateratzea ere. Esan nahi baita, enpresari handien boterea zein horien gizarte klasista suntsitzea beharrezkoa dela, eta horrekin batera, bai askatasun politikoen hedapen unibertsalerako proletariotzaren antolakuntza komunista indartzea, bai eraldaketa etengabean dagoen kultur-ondaretik onena jasoz, ondare aberats zein aske baten garapenerako baldintzak jartzea. Hori horrela, egungo gizarte egitura burgesean jazotzen ari den euskararen merkantilizazio, pobretze eta, funtsean, suntsipen saiakeren aurrean, euskararen erabilerari lehentasuna ematen diogu, eta horrekin batera, gizarte unibertsal baten eraikuntzarako beharrezko pentsamendu nahiz jokaera ereduak bultzatzen ditugu.