MAIATZAK 1

PROLETARIOTZAREN ANTOLAKUNTZA KOMUNISTA INDARTZEN

Maiatzaren Lehenak adiera bat edo beste hartu izan ohi du bakoitzaren ikuspegi eta posizio politikoaren arabera. Gure posizionamendua borondate komunistak definitzen duen heinean, Maiatzaren Lehenaren zentzu iraultzailea elementu honetan kokatzen dugu: langileriaren aurkako injustizien amaiera aldarrikatzetik harago, proletariotzak bere kabuz aurrera eraman dezakeen proiektu komunistaren gaurkotasun historikoan. Izan ere, 'proletariotza' adierak bere horretan potentzialitate politiko-iraultzailerik gorde badezake, hori klaserik gabeko gizartearen proiektu unibertsala gauzatzeko eduki dezakeen borondate errealean datza. Horrek egiten du proletalgoa subjektu iraultzaile; hau da, gizarte egituraketa burges osoaren aurkako antolakuntza politikoak, horrek proiektu unibertsal baten gauzapenari bide eman diezaion. Hori horrela, antolakuntza komunistaren aldeko aldarria eta eguneroko lan militantea egiten dugunean, balore eta printzipio komunistetan oinarritzen den prozesu politikoa posible egingo duten baldintzak sortzeaz ari gara.


Pandemiaren etorrerak eta horren inguruan oligarkia finantzarioak egin duen gobernantza diktatorialak -alderdi politiko zein biztanleriaren zati baten oniritziarekin-, zuzenean langileriaren bizi eta lan baldintzak kolpatu ditu, baina, horrez gain, komunismoa indar erreal bihurtu ahal izateko baldintzak ere zaildu ditu. Izan ere, kaleak militarizatu eta poliziaren presentzia areagotu zein normalizatu dituzte, biltzeko eta manifestatzeko baldintzak okertu dituzte, herri eta lurraldeen arteko mugikortasuna zaildu eta debekatu dituzte, etxerako agindua dekretatu dute, kontrol teknikak areagotu dituzte, polizia-baliabideak handitu dituzte eta abar luze bat. Alde batetik, proletalgoa ekonomikoki are gehiago zapaldu dute, eta miseriazko biziraupenera kondenatzen dute; bestetik, politikoki ilegalizatu egin dute, eskubide politikoak ezabatuz eta kriminalizazio zein errepresio objektu bihurtuz. Kapitalismoaren egungo bilakaerak totalitarismoa dauka ipartzat eta bere osotasunean aurre egingo dion botere komunista berreraikitzea beharrezkoa eta premiazkoa bihurtu zaigu.