Idatzi honen bitartez, 2019-2020 kurtso politikoko balorazio politiko orokorra plazaratu nahi dugu. Testu labur honen helburua kurtsoan martxan jarri ditugun lan lerroen zentzua azaltzea eta jorratzen ari garen norabide politikoa aurkeztea da, eta ez, horrenbestez, kurtsoko gertakari eta elementu guztien balorazioa egitea.
Lehendabizi, prozesu sozialistaren garapenerako gaitasunen antolaketari dagokionez, zenbait esparru jorratu ditugu. Horietako bat lan egunen antolaketa izan da: jardun politikoa posible egitera bidean, behar tekniko zein azpiegitura-beharrak asetzeko balio izan digute. Horrekiko lotura estuan antolatu nahi genuen aurten ere Topagunea: izan ere, dimentsio handiko lan prozesu bat gauzatzeko biltzen garen ekimen bezala ulertzen dugu. Aurten Legution egin behar genuen, baina koronabirusak sortu berri duen egoera dela-eta bertan behera utzi behar izan dugu, nahiz eta hilabeteetan zehar berau antolatzeko lanak egiten ibili garen. Horrez gain, formakuntza teorikora bideratutako mintegiak antolatu ditugu kurtsoan zehar. Mintegi horiek militanteok gaitasun analitikoak eskuratzeko eta garatzeko saioak dira, zeinetan errealitatea aztertzeko erreminta teorikoak lantzen ditugun. Izan ere, ez dago politika eraginkorrik baldin eta gizartea mugiarazten duten indar-motorren azterketarik egiten ez badu. Aipagarria da, baita ere, herrialdeetako topaketa sozialisten antolaketa, eskualde ugaritako jendea elkartu, koiunturako zenbait auziren gainean eztabaidatu eta aisialdiaz gozatzeko balio dutenak.
Lan lerro horiek estrategia sozialistaren gauzapenerako bitarteko bezala ulertzen ditugu. Gure indarren mugez kontziente gara, are gehiago orain dela ez asko jaio ginen eragile politiko berria garela kontuan izanda. Dena den, garrantzia handia ematen diogu indar metaketarako lan lerroen nolakotasunari, denak ez baitu balio: helburuek eta bitartekoek eskutik helduta joan behar dute une oro. Lan lerro horien zentzu politikoa honetan datza: independentzia politikoz diharduen mugimendu sozialista zabal bat gorpuzteko bitarteko tekniko, teoriko eta kulturalak izatean, hain zuzen.
Horrek guztiak, ezinbestean, politika egiteko eredu jakin bat aurresuposatzen du, egun indarrean dagoen eredu burges-performatiboari kontrajartzen zaiona. Azken eredu horren pean, guztiz debaluatuta ageri zaigu politika: alderdi politiko-instituzionalen monopolioa dela dirudi; demokraziaz hitz egiten badigute ere, aparatu politiko-administratiboak gizarteko masa zabalen kontrolpetik ihes egiten du eta enpresarien mesedetara eta kontrolpean dago; eztabaida eta arrazoia erabili beharrean, gezurra eta manipulazioa gailentzen dira; oportunismoa nagusitzen da; ez dago eskubide eta askatasunen bermerik kapital handia jaun eta jabe den gizarte honetan; korrupzio politiko eta morala saihestezinak dira eta abar luze bat. Egoera horretan normala da proletariotzak politika instituzionalarekiko atxikimendurik eza eta inpotentzia garatzea. Politika eredua, ordea, ez da botere erregimenetik bereizi behar: botere burgesak garai bakoitzera ondoen egokitzen den politika eredua garatzen duen bezala, botere sozialista antolatuak bere eredu propioa garatu behar du, hasieratik. Politika eredu burges-performatiboari, beraz, politika eredu sozialista kontrajartzen zaio, hau da, sozialismoaren eraikuntzarako beharrezko indar sozialen antolaketa posible egiten duen eredua.
Ildo beretik, konfinamenduan abiarazi genuen kanpaina politikoarekin botere erregimen burgesa eta bere gobernantza eredua jarri nahi izan genituen jopuntuan; izan ere, osasun-larrialdi egoera hori ez zen auzi neutral bat, auzi politikoa baizik, Espainiako Estatu burgesaren bitartez burgesia handiak egoeraren gaineko zuzendaritza guztia hartu eta ofentsiba ekonomiko-politikoa abiarazi baitzuen. Horren aurrean, askatasun politikoen defentsa egin genuen -eta egiten jarraitzen dugu-, eta gure jakintza zein bitarteko teknikoak antolatu genituen, konfinamendu garaian zaurgarritasun handien zuten langileriaren sektoreari gure babesa emateko zenbait esparrutan (etxebizitza auzian, jazarpen polizialen kasuetan eta lanaren eremuan).
Kurtsoan zehar martxan jarritako lan lerroek, beraz, goian aipaturiko ortzi-muga horri erantzuten diote, erabiltzen ditugun antolakuntza ereduak tradizio historiko-sozialistaren balioen eramaile direlarik: militantziaren kontrolpeko antolakuntza bitartekoak sortzen ditugu, eskubide eta betebeharren sisteman oinarritutako militantzia eredu arduratsua bultzatzen dugu, eztabaidaren eta arrazoiaren garrantzia defendatzen dugu erreminta kritiko bezala eta abar
Bigarrenik, egungo testuinguruaren gaineko azterketan eta gazte problematikan interbenitzeko bide-orrian sakontzeko barne-prozesua garatu dugu kurtsoan zehar, Gazte Koordinadora Sozialista sortu osteko kongresu gisa ezaugarritu duguna.Prozesu horretatik ateratako gako garrantzitsuetako bat egun bizi dugun proletarizazioaren inguruko tesi politikoa da: hiru faktore determinante kontuan izanda (krisi kapitalistaren hedapena, ekoizpen moduan ematen ari den iraultza teknikoa eta Europa-ren gainbehera inperialista), urteen poderioz gorpuzten ari den proletarizazio prozesuaren jarraipena ondoriozta dezakegu, klase ertainaren polarizazioa eta zenbait geruzen desintegrazio prozesua jazotzen ari delarik. Proletariotza subjektu politiko gisa baztertzen duen paktu sozial berri baten aukeraren aurrean, tradizio sozialistaren tesi politikoak eguneratu eta optika proletariotik landutako bide-orri sozialista jorratzeko hautua egiten dugu
Gazte problematikaren analisiari dagokionez, botere burgesaren teoria integral baten oinarrizko kontzeptu bati jarraituz, gazte problematika botere modalitate horren funtzio gisa definitu dugu. Zentzu horretan, burgesiaren botere ekonomikoa handitzeko eta bere botere erregimena erreproduzitzeko bitarteko gisa eraikitzen da gazteriaren bizitza, zenbait funtzio orokor bereiz daitezkeelarik: funtzio ekonomikoa (gazte langileen lan indarra debaluatzen duelako), funtzio despolitizatzailea (botere erregimen burgesa osotasun gisa zalantzan jartzen ez duen gazteriaren izateko modu hegemonikoa eraikitzen duelako) eta egiturazko funtzioa (krisi kapitalistak zeharkatutako testuinguru honetan, gizartearen modernizazioa eta berrantolaketa prozesua emateko gazteriak interbentzio gune gisa funtzionatzen duelako). Sintesi moduan azaldu dugun funtzio-mapa horretan interbenitzea beharrezkoa delakoan gaude, botere burgesa higatzeko eta botere sozialista indartzeko irizpideari jarraituz. Horretarako, baina, indar metaketarako eredu sozialistaren garapena beharrezkoa da, helburu jakin batzuk bitarteko jakin batzuen bitartez baino ez baitira eskuratzen. Zentzu horretan, Euskal Estatu Sozialistaren norabidean pausoak ematen joateko, beharrezkoa da hori posibe egingo duten indar metaketa eta mobilizazio ereduak garatzea. Hori horrela, beharrezkoa iruditzen zaigu optika proletarioan oinarritutako gatazkak irekitzen joatea gazte esparruan. Gazteria proletarioaren bizitzako esparru guztien (hezkuntza, kultura, lan mundua, etxebizitza...) antolaketa burgesak dakarren pobrezia eta subordinazio politiko zein moralaren aurrean, printzipio sozialista askatzaileetan oinarritutako mugimendu indartsua antolatu behar dugu. Erronka horren aurrean topatzen gara, herri eta auzoetan lan lerroak gorpuzteko erronkaren aurrean, dekadentzia burgesaren aurrean programa sozialista historikoaren gaurkotasuna, eraginkortasuna eta beharrezkotasuna erakusteko erronkaren aurrean.
Laburbilduz, erronka eta eginbehar handien aurrean baldin bagaude ere, kurtso politikoan zehar gaitasun organizatibo, tekniko eta analitikoak sendotu eta horien hazkuntzarako ereduak findu ditugu. Hemendik aurrera ere norabide berean jarraituko dugu, jardun militantean oinarritutako lan organizatibo eta politikoa egiten.
Euskal Herrian, 2020ko uztailean.