Aurtengo Aberri Egunarentzat apirilaren 12a suertatu da. Euskal Herriko Gazte Sozialiston Topagunean egon beharko genuke gaurko egunez; tamalez, baina, ezingo dugu guztiok batera ospatu egun hau. Euskal Herri aske baten alde lanean gabiltzanontzat garrantzia handiko eguna dela uste dugu, era berean, gure aldetik, Euskal Estatu Sozialistaren aldarrikapenari oihartzuna emateko eguna da gaurkoa.
Euskal Herria, edozein komunitate- egitura bezala, eraikuntza historiko bat da. Historian zehar moldatuz doa belaunaldi desberdinek Euskal Herriarekiko duten ikuspuntua, eta ideia multzo horien eta gure lurraldeko bizitzaren nolakotasuna indar harreman politiko-ekonomikoek baldintzatzen dituzte. Bestela esanda, klase borrokak nazio eraikuntzarekin zuzeneko harremana du eta burgesia da euskal lurretan egun agintzen duena. Hainbat dira burgesiaren barnean sar daitezkeen proiektuak, baita lurraldearen arabera eduki ditzaketen interesak ere, koiunturaren arabera proiektu burgesen joera nazionalak ere moldatu ohi dira; dena den, inoiz aldatuko ez dena burgesiaren esentzia bera da: klase dominazioan oinarritutako gizarte eredua izatea. Gizartea interes ekonomiko partikularren eta berekoien arabera egituratzeak arriskuan jarri ditu Euskal Herriaren berezitasunak, izan hizkuntzazkoak edo kulturazkoak, eta gaur-gaurkoz burgesiaren partetik euskararen aldeko iniziatibarik izatekotan, etekin ekonomikoekin harreman estua izango du.
Gainera, argiki esan dezakegu egun ez dagoela Euskal Herria askatzeko proiektu politikorik goi burgesia eta klase ertainaren mugimendu nazionalisten partetik, horientzat Espainiako zein Frantziako Estatuekin konpetentzien kudeaketa auzira murriztu baita arazo nazionala, erretorika nazionalista eta identitatezkoa mantentzen badute ere. Batasun nazionala aldarrikatzen duten bitartean, beraien agenda instituzionala indartu eta nazio formaren baitan bizirik dirauen antagonismoa ezkutatzen dute.
Gure ikuspuntutik, nazio auzia lehen mailako arazo politiko bat da Euskal Herrian. Uste dugu denbora luzez ukatutako eta zapaldutako nazioa dela Euskal Herria, eta gure lurraldea zentzu bikoitz batean askatzea dagokigula. Espainiako eta Frantziako Estatuen tiranietatik, noski, baina baita burgesiaren atzaparretatik ere, izan horiek espainiar eta frantziar nazionalistak edota izan euskal nazionalistak. Izan ere, eta aurrez aipatu dugun modura, klase borrokak zeharkatzen ditu nazio identitateak. Ondorioz, orain eta hemen eraikitzen dugu Euskal Herria, eta gure belaunaldiak garatzen duen lan militanteak zuzenean baldintzatuko du Euskal Herriaren lurralde egituraketa politikoa eta lurraldearen gainean eraikitzen den ulermen orokorra: izan hizkuntzaren erabilera eta esanahi kulturalaren alorra, izan munduari Euskal Herritik begiratzeko moduan edota izan harreman ekonomiko eta sozialen esparruan. Izan ere, nazio jakin baten berezitasunak ez dira betierekoak, denborak eta subjektuen aktibitateak moldatzen dituzte, baina partikularitateek ez dute zertan desagertu. Ez dugu uste etorkizuneko gizarte komunistan kultur berezitasunak, lurraldearen araberakoak zein linguistikoak desagertu behar direnik, haatik, beren ezaugarriak moldatuz eta eraldatuz biziraungo dutelako konbikzioa eta desira daukagu.
Gazte Koordinadora Sozialistatik Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza prozesu sozialistaren haustura-fase bezala ezaugarritzen dugu, eta jada hasi gara bide-orri hori hezurmamitzen. Euskal Herriaren lurraldetasuna babesteko asmoa daukagu, baita gure arteko loturak eraikitzen jarraitzeko eta euskarari lehen hitza ematen jarraitzeko asmoa ere, eta euskal lurraldean perspektiba sozialista hegemonikoa bihurtu nahi dugu. Uste dugu orain arte eginiko ekimenak aurrez aipaturiko norabidean ebatsi ditugula eta bide horretan lanean jarraitzeko konpromiso irmoa adierazten dugu. Uste dugu, gainera, Euskal Herriaren askatasunaren alde eta bestelako jendarte eredu baten alde bizitza eman dutenak omentzeko biderik onena Euskal Estatu Sozialistaren alde lanean jarraitzea dela, baita horregatik preso jarraitzen dutenak eta erbestean daudenak omentzeko bide bezala ere.