Pandemiarekin erlazioan garatzen ari den krisi koiuntura honetan, aurrerabidearen edo progresuaren ideiak ohikoa zaion itxura hartu du beste behin ere: biztanleria xumeak bizi duen pobreziaren eta askatasun ezaren hazkunde bezala agertu zaigu. Beharrezko gertaera da hori gizarte kapitalistan, non aurrerabideak bankari eta enpresari handien irabazi ekonomikoaren erregimenarekin jarraitzea inplikatzen duen. Pobrezia eta askatasun eza ziklo ekonomiko berriak berrezarri duen bizi eredu proletarioaren ezaugarri nagusiak dira. Egia esan, bereizezinak diren bi errealitate baino ez dira; izan ere, zer da ba pobrezia existentziarako eskubidearen urraketa ez bada? Hau da, bizitzaren sostengurako eta garapenerako baliabideak erabiltzeko ukapen edo ezintasun bezala definitzen da, horrek urritasuna, miseria eta egiturazko zapalketa egoera dakarrelarik. Pobrezia, baina, gizarte baten garapen mailak posible bihurtzen dituen bizi ereduen arabera ere definitzen da. Horrenbestez, askatasunean oinarritutako bizi eredu unibertsal baten ukapenak, berau egingarria den garai historiko batean, gizarte eredu horren pobretasuna frogatzen du. Hori da, gure ustez, egungo gizarte eredu kapitalista ezaugarritzen duena. Izan ere, indar produktiboen hazkuntza izugarrian oinarritzen den garai historiko honetan, kapitalaren metaketan ardaztuta dagoen mundu mailako gizarte burgesak etengabe murrizten ditu indar horiek gizateria guztiarentzako sortu ahal dituzten hobekuntzarako aukerak. Zentzu horretan, sozialismoa errealitate oso horren antolaketarako eredu historikoa baino ez da, ikuspuntu etiko batetik beharrezko bezala aurkezten dena zapalduta dauden guztientzako. Tradizio sozialista historikoak egin bezala, guk ere aurrerabidea dominazio ereduen suntsipen eta askatasunaren hazkunde gisa ulertzen eta defendatzen jarraituko dugu.
Adimen artifizialaren eta robotikaren gidaritza pean, XXI. mendean izugarri ari dira garatzen indar sozialen gaitasun tekniko-produktiboak. Horrek gizateriaren ongizate unibertsalerako ekar ditzakeen aukerak baliatu beharrean, teknologia hori plusbalioaren hazkunderako erabiltzen da, jendartea sumisioan, diziplinan eta obedientzian oinarritutako sistema polizial batera lotuz. Koiuntura berri honetan, burgesiaren aginte-posizioa indartzen duten mekanismo eta eraso ereduak handitzen doaz eta horren adierazle dira, besteak beste, langileriaren gaineko kontrol soziala handitzeko puntako teknologiaren ezarpena, gizarteko sektore eta problematika jakin batzuen aurkako kriminalizazio-kanpaina politiko, juridiko eta mediatikoak (gazteriaren eta okupazioaren aurkakoak, adibidez), indar polizialen inpunitatea eta errepresioaren gorakada, eskubide eta askatasunen urraketa sistematikoak, alienazioaren industria kulturalaren hedapena... Krisi kapitalistak, ekoizpen ereduan bultzatu dituen sakoneko aldaketez gain, egitura sozial, kultural eta juridikoan sekulako aldaketak dakartza, basakeriara gero eta gehiago gerturatzen den eredu sozial osoa inposatuz. Gainera, testuinguru globalari begiratuz gero, oligarkia finantzariaren mundu mailako boterea handitzen ari delako gertaera garrantzitsua kontuan hartu behar da, bere kontrolpeko esparruak eta diktadurarako ahalmena handitzen ari direlarik. Prozesu horretan txertatzen da, baita ere, ongizate- eta zuzenbide-estatuen paradigma aldaketa edota, behintzat, horien gainbehera. Beraz, goian aipatu ditugun bizi eredu proletario orokorraren elementuak ez dira ausaz gertatzen, beraien kausa ziklo ekonomiko eta politiko berrian aurkitu baitaitezke.
Pobreziaren eta askatasun ezaren jatorria gizarte zibilaren klase arteko banaketan kokatzen da. Zentzu horretan, pobreziaren aurkako eta askatasunen defentsa zein zabalpenerako proiektu politikoa, erregimen burges osoaren aurkako proiektu unibertsal bezala ezaugarritu behar dugu, sozialismoaren eraikuntza progresiboari bide emango diona. Bide horretan, kurtso honetan ere prozesu sozialistaren garapenerako baldintza politiko zein materialak eskuratzen eta indartzen jarraituko dugu. Horretarako ezinbestekoa izango zaigu, aide batetik, gaitasun militanteak handitzea eta hori lortzeko ekimenen antolaketarekin jarraitzea eta, bestetik, koiuntura politiko eta ekonomikoaren inguruko interbentzio ideologiko zein praktiko eraginkorrak martxan jartzea. Horri loturik, aurtengo kurtsoan talde lokalen jarduna handituko dugu, eskualdeetan antolakuntzaren kultura politikoa hedatzeko eta gazte problematikaren zein, oro har, bestelako auzi politikoak jorratzeko helburuarekin. Oro har, bizi dugun testuinguruan beharrezkoa deritzogu langile antolakuntzarako bitartekoak indartzea eta askatasun politikoen defentsa egitea; izan ere, zapalduen eskubide eta askatasunen berme erreal bakarra langileriaren antolakuntza politikoak izaten jarraitzen duelakoan gaude.