top of page

BASAKERIA KAPITALISTA GELDITU!

Atzo jakin genuen 53 urteko behargin batek bizia galdu zuela Soraurenen makina batek harrapatuta. Urteak bi hilabete ere egin ez dituen honetan, jada zortzi langilek galdu dute bizia lanean Euskal Herrian.


Oro har, sistema kapitalistak inposatzen dituen baldintza ekonomikoek eragiten dituzte ezbehar horiek. Izan ere, ekonomia kapitalistaren helburua irabazi kapitalistak handitzea da, eta gainerakoa bigarren mailan geratzen da. Kapitalismoak burgesiarentzat etekin ekonomikoak handitzeko testuingurua sortzen duen bitartean, langileriaren kalterako egoera erreproduzitzen du: lanpostu arriskutsuak, beharginen babeserako baliabide falta, segurtasun gutxiko makinak, lan ordu luzeak eta nekagarriak, presioa, deskantsurik eza... Finean, gizarte kapitalistan, ekonomiaren printzipioa kapitalaren metaketa da, eta proletariotzaren ongizatea eta osasuna guztiz debaluatuta daude.


Kapitalaren metaketa printzipioa, kasu batzuetan, lan istripu eta lan heriotza gisan adierazten da. la ezinezkoa bihurtu da ekoizpen prozesu kapitalistaren ondorioz zuzenean edo zeharka hiltzen direnen datuak zenbatzea; hala ere, Nazioarteko Lanaren Erakundearen (0IT) arabera, urtean 2.000.000 pertsonatik gora hiltzen da munduan lanpostuan edota lanpostutik eratorritako gaixotasunen ondorioz, eta kopurua askoz handiagoa da lan istripuei dagokienez. Terrorismo laboral hau urtero errepikatzen den gertakaria da. Beste batzuetan, aldiz, kapitalaren metaketa printzipioa esklabotza eta esplotazio zuzen gisan ere adierazten da. Adibidez, UNICEFen arabera, munduan 72.500.000 umek esklabotza egoeran egiten dute lan eta, bide beretik, sexu-esplotazioa milioika emakumek pairatzen dute egunero. Ekoizpen eredu kapitalistak milioika pertsonen bizitzak umiliatzen ditu urtero.


Euskal Herriko ekonomia ere gainbalioaren metatze-printzipioak artikulatzen du: alde batetik, mundu mailako merkatu eta dinamika ekonomikoaren menpekoa da eta, beste alde batetik, ustelkeria sare erraldoi eta konplexu batek zeharkatzen du. Ustelkeria egiturazko fenomenoa da egun, bai EAEn, bai Nafarroan eta baita Espainiako zein Frantziako Estatu burgesetan ere.


Pandemia egoera honetan, politikariek eta enpresari handiek osasunaren garrantziaz hitz egin digute behin eta berriro. Ez ote da eraildako langileen auzia lehen mailako osasun-arazoa? Badirudi bankarien eta politikarien bake kontzeptuarekin bateragarria dela milioika langile erailtzen eta pobreziara kondenatzen dituen sistema ekinomiko hau. Egoera hau ezabatzeko ez dute inolako salbuespen-dekreturik ezarriko; ez dute basakeria kapitalista hau kondenatuko, ez eta barkamenik eskatuko ere.


Guk ezbeharrok salatzen jarraituko dugu, erailketek sortzen duten sufrimendua jasaten dutenei gure babesa ematearekin batera. Era berean, enpresari handien kontrolpeko ekonomia ereduari eta berak sortzen duen egiturazko biolentziari sozialismoaren eraikuntza kontrajarri behar zaiola uste dugu. Ekoizpenak gaur egun duen forma kapitalista eraldatuko duen prozesu iraultzailea posible egiteko langileriaren antolakuntza komunista bultzatu beharra dago.

bottom of page