top of page

BURGESIAREN OFENTSIBA GELDITU, SALBUESPEN EGOERAREN AURKAKO KANPAINA POLITIKOA

Krisi egoera larria eta ezohikoa bizi dugu egun. COVID-19 birusaren hedapenak mundu mailako osasun larrialdi egoera sortu du, milaka hildako eta kutsatu utziz herrialde askotan. Egoera horretan, beharrezkoa da mediku eta osasun-adituen irizpideak lehen lerroan jartzea eta hartu behar diren neurri guztiek irizpide horiek jarraitzea. Gainera, zantzu guztien arabera, osasun-egoerak okerrera egingo duela dirudi, eta gizarteko gero eta zati handiago baten bizitzak arriskuan jarriko dira. Ondorioz, arduraz jokatzeko garaia da.


Egungo egoeraren larritasuna, ordea, ez da horretara mugatzen. Izan ere, osasun krisialdiarekin batera, goi-burgesiaren ofentsiba politikoa etorri da. Horren aurrean, GKStik alarma egoeraren aurkako kanpaina politikoa abiarazteKo hautua egin dugu. Salaketa kanpainaren helburua goi-burgesiaren ofentsiba nabarmentzea da. Izan ere, alarma egoera ez da kontzeptu neutral bat, politikoa baizik, eta horren atzean salbuespen egoera ezkutatzen da. Hortaz, alarma egoera baino, “salbuespen egoera” da egunotan bizi duguna, eta banketxe eta enpresari handiak dira salbuespen egoera hori arautzen ari direnak.


Beharrezkoa iruditzen zaigu gertatzen ari dena termino horietan seinalatzea eta salatzea; batetik, egun bizi dugun egoera latzak arduradunak dituelako, eta, bestetik, ezinbestekoa iruditzen zaigulako etorkizunean gizarte eredu hobe bat eraikitzeko printzipio sozialistetan oinarritutako proletalgoaren antolakuntza politikoa gaurdanik garatzea. Alarma egoeraren aurkako kanpaina lau puntutan ardaztuko dugu:


I. BURGESIAREN SALBUESPEN NEURRI POLITIKOAK BERTAN BEHERA UZTEKO ETA ASKATASUN POLITIKOAK BERREZARTZEKO URGENTZIA


Alarma egoeran salbuespen neurri politikoak ezartzen dihardute eta horrek ondorengo egoera ekarri du:


Lehenik, askatasun politikoen ezabapena. Itxialdi edota konfinamenduarekin jarduera politikoa debekatu dute, besteak beste, biltzeko askatasuna eta manifestazio askatasuna bertan behera utziz. Baina ez hori bakarrik: jardun politikoa debekatu dute; kontrara, ekoizpen prozesua ez. Ezin da gordinago ikusi: askatasun politikoak ezabatu dituzte, aldiz, botere burgesaren ekoizpen prozesuak mantendu dira!


Bigarrenik, langileriaren zati handi bat behartutako lanak egiten ari da egunero. Bizi dugun osasun-egoera larriaren aurrean medikuen eta adituen irizpideak lehenetsi beharrean, interes ekonomikoen irizpidea gaildendu da; horrek, langile asko baldintza arriskutsuetan jardutea ekarriz. Egunotan lantegiak itxi badira ez da langileen osasuna lehenetsi dutelako, baizik eta langileen auto-antolakuntzak ekoizpena bertan behera uztera behartu dituelako; edota, oro har, ekoizpen prozesuetako katea hautsi denez produktuen zirkulazioa geldituta egon delako. Argi geratu da, horrela, medikuen eta osasun-adituen irizpideak irizpide ekonomikoei menderatuta daudela, osasun-interes unibertsalen gainetik banketxeen eta enpresari handien interes partikularrek agintzen baitute uneoro.


Hirugarrenik, banketxeen eta enpresari handien zuzeneko diktadura ezarri da. Lehen esan bezala, salbuespen egoera honen gainean erabakiak hartzen dituen agentea oligarkia da.


Laugarrenik, burgesiaren indar armatuak kale eta espazio publikoen kontrol zuzen eta mugagabea hartzen ari dira.


Egoera are kezkagarriagoa da mundu mailako testuinguruari erreparatzen badiogu. Gure ustez, kontuan hartu beharreko gutxieneko hiru elementu garrantzitsu aipatu behar dira: batetik, mundu mailako krisi kapitalista; bestetik, Europaren gainbehera inperialista, mundu mailako lehia geopolitikoan agente indartsuagoak gailendu direlarik; eta, azkenik, Europako klase ertainaren geruza zabalen desintegrazioa eta proletarizazio prozesu orokorra. Badirudi osasun-krisialdiaren harira Europa mailan proletarizazio prozesua bizkortu egin daitekeela. Beraz, osasun-krisialdia lehenago edo beranduago gaindituko badugu ere, ondorengo hilabeteetan etor daitekeena are okerragoa izan daiteke langileriarentzako.


II. SOZIALDEMOKRAZIAREN IZAERA KOLABORAZIONISTA ALARMA EGOERAREN AURREAN Izan gobernuan dauden alderdi sozialdemokratak edota izan oposizioan daudenak estatuaren bitartez oligarkia inposatzen ari den salbuespen neurri politikoekin kolaboratzen ari dira.


Ezkerreko alderdi nazionalistek eta herri mugimenduko zenbait sektorek, baita beren burua iraultzailetzat duten zenbaitzuek ere, krisiari aurre egiteko garatu duten aldarrikapen zerrendaren, eta instituzioetako alderdi guztien onespenarekin oligarkiak aplikatu duen gobernu programaren arteko antzekotasunak zer pentsatua ematen du. Gainera, gobernutik ezartzen ari den programa politikoa krisia geroratzeko programa baino ez da, eta egun hartzen ari diren neurriak gerora langileriaren gainera etorriko dira.


Nazio auziari eta autonomien konpetentzien baliogabetzeak, gure ustez, agerian uzten ditu zenbait kontu: batetik, autonomia estatutua erabat dependentea dela Espainiako estatu burgesarekiko eta salbuespen egoeretan autonomia hori indargabetuta gelditzen dela; bestetik, autonomia estatutuaren bitartez antolatzen duela oligarkiak euskal lurraldea; eta, azkenik, Euskal Herriaren askatasunerako oztopoa dela autonomia estatutuak.


III. KORONABIRUSAREN KAUSEN, DIMENTSIOAREN ETA ERAGINEN EGIA EZAGUTZEKO PREMIA


Koronabirusaren hedapenak sortu duen egoeran egiazko azalpen baten gabezian gaude. Horren aurrean, komunikabideen desinformazioa salatu eta gizarteko masa zabalei ondorengo puntuak azal diezazkigutela exijitzen dugu:


Batetik, arazoaren jatorri soziala zein den azaltzea exijitzen dugu. Kapitalismoaren eta bloke politikoen funtzionamendua zein den jakinik ez dugu uste birusaren hedapena naturaren kasualitate hutsa denik. Egungo kapitalaren dinamikaren baitan ondorengo gertakariak ikus ditzakegu: guda inperialistetan erabiltzeko arma biologikoak, sendagaiak ekoiztera bideratu beharrean birusak manipulatzen diharduten instituzioak, elikagai transgenikoen ekoizpen masiboak, etab.


Bestetik, arazoaren dimentsio soziala zein izango den azaltzea; hau da, burgesiak sortu duen osasun arazoak eragingo dituen benetako kalteen aurreikuspena zein den azaltzea exijitzen dugu.


Amaitzeko, Espainiako Estatua ezartzen ari den neurri ekonomiko, politiko eta sozialak noraino iritsiko diren eta horien bitartez benetako zer agertoki sortzeko asmoa duten azaltzea exijitzen dugu.


IV. ALARMA EGOERAREN AURREKO BEREHALAKO ZEREGINAK


Lehenik, gure baliabide guztiak alarma egoeraren kontrako kanpaina politikoari ahotsa emateko martxan jarriko ditugu.


Bigarrenik, dei egiten diogu egoeraren gaineko analisi hau partekatzen duten talde, kolektibo edota antolakunde orori kanpainara batzera eta alarma egoera honetan ezartzen ari den ofentsiba salatzera. Lehenesten duguna osasun-egoera honen politizazioa ematea eta salbuespenezko neurri politikoen kontrako ahalik eta ahots bateratuena osatzea da, bakoitza bere antolakuntza eta baliabideetatik abiatuz.


Hirugarrenik, langileriaren bizi eta lan baldintzen aurkako erasoaldiaren aurrean, langileriaren babeserako dinamika eta antolakuntza baliabideak handitzea defendatzen dugu. Zentzu horretan, datorren ofentsibari aurre egiteko kaltetutako kolektiboen auto-antolakuntza eta langileriaren defentsa politiko, juridiko eta ekonomikoa antolatzeko dinamikak bultzatu eta babestuko ditugu, beti ere, bere interesei soilik erantzuteko eta independentzia organizatiboa eraikitzeko.


Horrekin batera, ez dauka zentzurik ekoizpen prozesu burgesak bere horretan jarraitzea eta antolakunde zein eragile politikoek ez izatea baldintzarik bere jardun politikoa aurrera eraman eta krisialdi honetan langileriaren aldeko defentsa antolatzeko. Amaitzeko, hasieran esan dugun bezala, medikuen zein osasun-adituen irizpideak jarraituko ditugu eta gure jardun politikoa horrekiko arduratsua izango delako konpromisoa hartzen dugu. Koiuntura orokorraren eta burgesiaren erasoaldiaren bilakaeraren arabera joango gara egokitzen gure jardun politikoa.

bottom of page