EUSKAL ESTATU SOZIALISTA ERAIKITZEN
Jardunbide politikoan bertan, hau da, errealitatea eraldatzeko eguneroko jardun militantean, mundu ikuskera bat adierazten da, modu partzialean bada ere, eta ikuskera horrek gaurko egunez hartzen duen formarik behinena modu zuzenean adierazi nahiko genuke: Euskal Herri aske baten alde gure ekarpena egiteko asmoz gabiltza egunerokotasunean. Izan ere, modu horretan ere eraikitzen da Euskal Herri askea, jardun militantean oinarritutako harreman sareen bitartez. Aldi berean, Aberri Egunaren esanahia eragile politiko ugariren arteko indar-harremanaren menpekoa ere badenez, Euskal Herri askeaz dugun ulerkera politikoa ere plazaratu nahiko genuke; zenbaitzuk egun honetan nazio batasunaren ideia interklasista eta abstraktua hedatu badute ere, gaur-gaurkoz, Euskal Herri aske batentzat bateraezinak diren proiektu politikoak daudela uste baitugu.
Guk uste duguna da Euskal Herriaren askatasuna ezin dela eskuratu burgesiaren boterea bere konplexutasun guztian desegin ezean. Izan ere, Euskal Herri askeaz ulertzen duguna zera da: esplotazio ekonomikorik gabeko lurraldea, zeinetan askatasun politiko unibertsala gailenduko den eta denbora luzez zapaldutako kultur elementuak indartu eta horien garapen askerako baldintzak existituko diren. Horrek, nahitaez, klase arteko dominazioa suntsitzea inplikatzen du, bai eta Frantziako eta Espainiako Estatu burgesen menderakuntzatik ateratzea ere. Esan nahi baita, enpresari handien boterea zein horien gizarte klasista suntsitzea beharrezkoa dela, eta horrekin batera, bai askatasun politikoen hedapen unibertsalerako proletariotzaren antolakuntza komunista indartzea, bai eraldaketa etengabean dagoen kultur-ondaretik onena jasoz, ondare aberats zein aske baten garapenerako baldintzak jartzea. Hori horrela, egungo gizarte egitura burgesean jazotzen ari den euskararen merkantilizazio, pobretze eta, funtsean, suntsipen saiakeren aurrean, euskararen erabilerari lehentasuna ematen diogu, eta horrekin batera, gizarte unibertsal baten eraikuntzarako beharrezko pentsamendu nahiz jokaera ereduak bultzatzen ditugu.
Izan ere, ikuspegi komunistak eta ikuspegi interklasistak nazioarekiko guztiz potentzialitate politiko desberdinak dituzte egun. Bigarrenak nazioaren eraikuntzarako eta askatasunerako erretorika badu ere, beraien jardun politiko-instituzionalak Euskal Herria Frantziako eta Espainiako Estatuen menpeko bihurtzen du eta, gainera, ez du jendarte kapitalistaren sistema apurtzen, nazio auziari erantzuteko baldintzak indargabetuz. Horrela, Euskal Herria bestelako indar burges batzuen menpeko bihurtzen du eta ez du ez euskararen biziraupenerako berme errealik, ez eta euskal estatu bat egikaritzeko botere-baldintzarik erakusten ere. Aldiz, lehenengo proposamenak nazioen garapen askerako baldintzak jartzeko potentzialitatea duela uste dugu, bai langileria xumearen kontrolpeko ekoizpen eredua osatzen duelako eta baita zapaldutako kulturak askatzeko borondate politikoa praktikara eramaten duelako ere.
Noski, lurralde-marko aske batek beragandik harago antolatzen den botere-egitura inplikatzen du. Zentzu horretan, botere burgesa nazioarte mailan borrokatuko duen estrategia komunistaren beharra aldarrikatzen dugu, eta estrategia hori indar erreal bihur dadin gure ekarpena egiten ahaleginduko gara. Hala, bada, Euskal Estatu Sozialista eta Alderdi Komunista internazionala elkar elikatu behar duten proletariotzaren botere modalitate bezala ulertzen ditugu.
Azkenik, Euskal Herriko lurralde guztietan antolakuntza komunista indartzen jarraituko dugula adierazi nahi dugu, Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza helburu izanik. Horrekin batera, Euskal Herri aske baten alde borroka egin dutenen memoria bizirik mantenduko dugu eta preso politikoen amnistia aldarrikatzen jarraituko dugu. Euskal Estatu Sozialista ez da kontzeptu formal bat, eduki komunistaz betetako botere eredua baizik, zeinak memoria politikoa, askatasuna eta grin iraultzailea bizirik mantenduko dituen.