top of page

MARTXOAK 8

GENERO ZAPALKUNTZAREN AURREAN, EMAKUME LANGILEOK ANTOLAKUNTZA KOMUNISTA!

Martxoaren 8an emakumeok dugun borrokaren beharra eta borrokak duen emakumearen premia azpimarratzea dagokigu, eta, era berean, hori indartzeko bidean berrestea. Ez dira garai errazak emakume langilearentzat, proletarizazioa, despolitizazioa eta askatasunen ukapenak emakumeen emantzipaziorako bidean oztopo baitira; dena den, beharrezkoa da emakume langilearen aurkako zapalkuntzari aurre egitea eta antolakuntza iraultzailearen parte aktibo izatera igarotzea.


Bizi dugun testuinguruak gizartearen masa zabalen proletarizazioa eragin du eta modu gordinean kolpatu ditu zapaldutako subjektibitateak, besteak beste, gazte, etorkin edo emakume proletarioak. Pandemia hasi zenetik, langabeziak, soldaten jaitsierak, biolentziak eta miseriak emakumeongan gogor eragin du, eta agerian utzi ditu kapitalismoan bizi dugun egiturazko debaluazioa eta biolentzia. Gainera, emakumeon pobreziak instituzio burgesekiko mendeko bilakatzen gaitu eta emakumeon dependentzia ekonomikoak subjektu politiko aktibo bihurtzea galarazten digu. Izan ere, burgesiak subjektibitate zapalduen despolitizazioa bultzatzen du etengabean; hots, iraultzarako gaitasun politikoak ezabatzen eta borrokatzen ditu une oro.


Egun, pobrezia orokortuaren ezarpenarekin batera, burgesiak proletariotzaren askatasun politikoak ere ezabatu ditu, pobrezia materialari inpotentzia politikoa gehituz. Horrek opresioei aurre egiteko antolakuntza politikoa zailtzen du eta errepresioaren jomugan ere jartzen du iraultzaren antolakuntzarako saiakera oro. Genero problematika antolakuntza iraultzailearen bitartez gainditu nahi duten horien guztien jardunari, beraz, gero eta oztopo gehiago jartzen ari dira burgesia eta bere kontrolpeko instituzio zein alderdi politikoak.


Zenbaitek martxoaren 8a eta emakume langilearen askapena termino despolitikotan ebatzi nahi badu ere, genero zapalkuntzaren gainditzea klase borrokaren dinamikarekin erlazioan ulertu eta praktikan jarri behar delakoan gaude, eta, aldi berean, genero zapalkuntzarik gabeko jardun eta antolakuntza formak eraikitzen joateko borondatea berresten dugu. Emakume langilearen debaluazioa bere funtzio soziala debaluatuta egotearen ondorio da, hau da, produkzioan eta erreprodukzioan duen posizioak bere azpiratzea betikotzen du. Horregatik, gizarte burgesaren antolakuntzan ematen den lanaren banaketa sexuala eta horrek determinatzen duen klaseetan banatutako gizartearen izaera despotikoa problematizatu eta borrokatu behar dira. Klase antolaketa eta horren baitako lan banaketa sexuala dira emakume langileon zapalkuntzaren erroa.


Azkenik, emakume langilearen askatasunaren beharrezko baldintza genero zapalkuntzaren gainditzea dela uste dugu, zeinak esplotaziorik gabeko gizartearen eraikuntza galdegiten duen. Zentzu horretan, Euskal Estatu Sozialista emakumeon askatasunerako botere-forma bezala ere ulertzen dugu, eta halabeharrez, horren eraikuntza prozesu osoan zehar emakume langilearen aurkako egiturazko biolentzia eta zapalkuntza ezabatzeko baldintzak jartzen joan behar dugu une oro.


Genero zapalkuntzaren aurrean, emakume langileok antolakuntza komunista!

bottom of page