top of page

M1: Proletariotzaren antolakuntza komunista indartzen

Langileriaren nazioarteko egunean Gazte Koordinadora Sozialistatik egiten dugun irakurketa honakoa da:


Maiatzaren batak adiera bat edo beste hartu izan ohi du bakoitzaren ikuspegi eta posizio politikoaren arabera. Gure posizionamendua borondate komunistak definitzen duen heinean, maiatzaren bataren zentzu iraultzailea ondorengo elementuan kokatzen dugu: langileriaren aurkako injustizien amaiera aldarrikatzetik haratago, proletariotzak bere kabuz aurrera eraman dezakeen proiektu komunistaren gaurkotasun historikoan. Izan ere, 'proletariotza' adierak bere horretan potentzialitate politiko-iraultzailerik gorde badezake, hori klaserik gabeko gizartearen proiektu unibertsala gauzatzeko eduki dezakeen borondate errealean datza. Horrek egiten duelako proletalgoa subjektu iraultzaile; hau da, gizarte egituraketa burges osoaren aurkako antolakuntza politikoak, horrek proiektu unibertsal baten gauzapenari bide eman diezaion. Hori horrela, antolakuntza komunistaren aldeko aldarria eta eguneroko lan militantea egiten dugunean, balore eta printzipio komunistetan oinarritzen den prozesu politikoa posible egingo duten baldintzak sortzeaz ari gara.


“Maiatzaren batean iraganaren dimentsio etiko eta estrategikoa pentsatzearen garrantzia azpimarratzen dugu, zeinetatik ondorioztatzen diren tesiek estrategia komunista aktualizatzeko balio behar duten. Proletariotzaren antolakuntza komunista indartzen jarraitu behar dugu. ”

Pandemiaren etorrerak eta horren inguruan oligarkia finantzarioak egin duen gobernantza diktatorialak -alderdi politiko zein biztanleriaren zati baten oniritziarekin-, zuzenean langileriaren bizi eta lan baldintzak kolpatu dituzte, baina, horrez gain, komunismoa indar erreal bihurtu ahal izateko baldintzak ere zaildu dituzte. Izan ere, kaleak militarizatu eta poliziaren presentzia areagotu zein normalizatu dituzte, biltzeko eta manifestatzeko baldintzak okertu dituzte, herri eta lurraldeen arteko mugikortasuna zaildu eta debekatu dituzte, etxerako agindua dekretatu dute, kontrol teknikak areagotu dituzte, polizia-baliabideak handitu dituzte eta abar luze bat. Alde batetik, proletalgoa ekonomikoki are gehiago zapaldu dute, miseriazko biziraupenera kondenatzen dutelarik, eta, bestetik, politikoki ilegalizatu dute, eskubide politikoak ezabatuz eta kriminalizazio zein errepresio objektu bihurtuz. Kapitalismoaren egungo bilakaerak totalitarismoa dauka ipartzat eta bere osotasunean aurre egingo dion botere komunista berreraikitzea beharrezkoa eta premiazkoa bihurtu zaigu.


Gaur egun paradigma ekonomikoaren aldaketa bizitzen ari gara eta, ekoizpen ereduaren modernizazio teknikoarekin batera, langileriaren konposizioa ere aldatzen ari da. Ikuskera obrerista batetik haratago, zeinak langile izatearen iruditegi estatikoa eta politika erreformista elikatu ohi duen, begi bistakoa da langile kondizioak dominatu egoerari egiten diola erreferentzia eta horrek printzipio politiko unibertsalizagarriak eskatzen dituela. Bai kuantitatiboki (krisiak dakarren klase ertainaren desintegrazio eta kapa zabalen proletarizazioaren bitartez) eta baita kualitatiboki ere (dominazio burgesaren intentsitatea handitzen duten mekanismoen bitartez: askatasunen ezabapenak, kontrol-teknikak...), proletario kondizioa hedatzen ari da gizartean. Alabaina, ezingo da sozialismoaren eraikuntzarako prozesu politikorik garatu baldin eta sektore proletarioetan ez bada militantzia komunistaren eredua nagusi bihurtzen. Horretarako guztiarako beharrezkoa da antolakuntza politikorako baldintzak hobetzea, instituzio sozialista askeak eraikitzea eta botere eredu unibertsala garatzea.


Maiatzaren batak jarraikortasuna txertatzen du historian, langile mugimenduaren oraina eta iragana elkartzea ahalbidetzen duelako. Horrek, gutxienez, bi elementu eskaintzen dizkigu: batetik, memoria politikoaren garrantzia, langile mugimenduaren historian milioika pertsonek bere bizitza eman dutelako emantzipazio eta askatasun kolektiboaren alde. Ikuspuntu estrategiko batetik, iraganeko esperientzien sintesiak sekulako garrantzia dauka oraineko politika iraultzailea modu egokian diseinatu ahal izateko. Izan ere, iragana, langile mugimenduaren esperientzia multzo gisa, erraminta kutxa propioa da, zeina irakaspenak ateratzeko eta programa komunista aktualizatzeko erabili behar dugun. Bestetik, proletalgo iraultzailearen balio etiko-politikoa eta izaera berezkoena adierazten duelako: internazionalismoa. Fase historiko desberdinetan sozialismoaren alde borrokatu den subjektua proletariotza iraultzailea izan da, bere indarrak antolakuntza komunistaren bitartez batu eta handitu izan dituena mundu mailako ekoizpen eredu kapitalistaren eta burgesiaren aurka egiteko.


Burgesia eta bere kontrolpeko estatuak joera totalitarioak hartzen ari dira, sozialdemokraziak ez dauka bideorri askatzailerik proletariotzarentzako (salbuespen-politikak ezartzeko baimena eman du, modernizazio kapitalistara bideratutako Europako Funtsak onartu dituzte...) eta komunismoa maila ideologiko eta organizatiboan deseginda dago. Beharrezkoa eta premiazkoa da errealitate osoaren gaineko kontzeptualizazio politikoa egitea, zeinak esparru sozial oro klase borrokarako ezkenatoki bihurtuko duen, esparru horietan guztietan proletariotzaren antolakuntza komunistaren bitartez prozesu sozialista hedatu ahal izateko. Bide horretan, maiatzaren batean iraganaren dimentsio etiko eta estrategikoa pentsatzearen garrantzia azpimarratzen dugu, zeinetatik ondorioztatzen diren tesiek estrategia komunista aktualizatzeko balio behar duten. Proletariotzaren antolakuntza komunista indartzen jarraitu behar dugu.

bottom of page