El Mundo egunkarian argitaratutako artikulu batek sortutako zalapartaren ondoren, hona hemen gogoeta labur bat. Mugimendu Sozialistako kideen erretratuekin artikulu bat atera izana, oligarkiaren zerbitzura dagoen egunkari baten bitartez egin den maniobra politiko-polizial bat dela ulertzen dugu, antolakuntza komunista seinalatzea xede duena. Ez da kasualitatea maniobra hori Gazte Topagune Sozialista izan zen indar erakustaldiaren ondoren gertatu izana.
Politikoki interesatuta dauden batzuk ulertzera eman nahi dutenaren kontrara, gertatutakoa ez da euskal gazteriaren aurkako eraso soila. Proletariotzaren antolakuntza independenteari eman zaion abisua eta egin zaion mehatxua da. Espainiako eta Europako enpresari handiak, mafiosoak eta bankariak zerbaiten beldur badira eta zerbait ia ezerezean uztea lortu badute, hori antolakuntza komunista da. Izan ere, Valentzian, Madrilen, Toulousen, Turinen edo Frankfurten gazte proletarioak aktore independente gisa agertuko balira, era berean kalumniatuko, difamatuko eta erasotuko lituzkete; nahiz eta, kasuan kasu, egunkariek, politikariek, mafiosoek eta poliziek gezur eta nahaste desberdinak erabiliko lituzteketen. Hori da errealitatea.
Harrapakari horien neurrigabekerien aurrean, ez da nahikoa oinarri sozialdemokratak erakusten duen sumindura isolatu hutsa. Defentsa posible bakarra Euskal Herrian, Valentzian, Madrilen, Toulousen, Turinen edo Frankfurten proletariotzaren antolakuntza politiko independentea indartzean datza.
Gauzak horrela, oinarrizko eskubideen murrizketaren eta errepresioaren aurrean, askatasun politikoak defendatzeko oinarri sendo bat eraikitzeko antolakuntza lana berresten dugu, eta hori proletariotza osoaren zeregina da. Kolektibo proletario eta gizabanako orori dei egiten diogu pobretzea, eskubiderik eza eta errepresioa ezaugarri dituen oligarkiaren erasoaldi berri honen aurrean indarrak batzeko. Gure aldetik, sozialismoarekin dugun konpromisoa berresten dugu, klase eta zapalkuntzarik gabeko gizarte demokratikoa eraikitzearekin dugun konpromisoa.