top of page

Oroimena eta askatasuna

Askatasunaren alde borroka egin zuten militante politikoen ondarearen aitortza egin nahiko genuke gudari egunean. Praktika politiko oro beti balio multzo baten adierazgarri bada ere -norbanakoen edota gizataldeen jokabideak ezein marko normatiboren baitan txertatuta daudelako ezinbestean-, praktika horiek guztiak ez dira balio berdinen eramaile, eta militante iraultzaileenek balio handienak ordezkatzen dituzte, batez ere, askatasunarena. Konparaezinak dira gizateriaren emantzipazioaren eta askatasun politikoaren alde borroka egiten dutenen dimentsio etikoa, alde batetik; eta burgesiaren botere-erregimena defendatzen duten horiena, bestetik. Are gehiago, gizarte eredu klasista defendatzen amaitzen duten programa politiko guztiak termino historikoetan erreakzionarioak bihurtu dira, ekoizpen indarren egungo garapen mailan proiektu komunistak erreferitzen duelako giza-emantzipazioaren eta askatasunaren estadiorik aurreratuena, zentzu guztietan (kulturalean, ekonomikoan, sozialean, intelektualean, eskubide eta askatasunen alorrean...). Horrela, bada, komunistok iraganeko esperientzia emantzipatzaileen ondare etikoa jaso eta askatasun unibertsalaren programa historikoa egungo badintzetara egokitzen saiatu behar dugu.


Aitzitik, burgesiak ere iraganeko gertakizunen errelato propioa eraikitzen du. Are gehiago, bera denez botere ekonomiko-politikoa eta hegemonia kulturala duena, berak ezartzen ditu ongia eta gaizkia ulertzeko interpretazio bitartekoak. Euskal Herriaren historiaren inguruko errelato hegemoniko-burgesek, besteak beste, biolentziaren kulturaren arbuiatzeaz asko hitz egiten dute, baina ulerkera burges horrek errealitate jakin bat kondenatzeko asmoa du: proletariotzak indarra modu independentean erabiltzeko aukera, are gehiago politikoki antolatua badago, zeina burgesiaren estatuarentzat eta egitura ekonomikoarentzat arriskutsua izan daitekeen. Burgesiak mundu osoan sortzen dituen heriotza, gosete, sexu-esplotazio, eskubideen zapalketak, poliziaren dena delako jazarpenak eta abarrak ez dira sartzen biolentziaren ulerkera horretan. Are gehiago, burgesiak biolentzia antolatuaren monopolioa duen bitartean, biolentzia mota guztien gaitzespenaz hitz egiten dute, eta berau egunero erabiltzen dute gero eta modu totalitarioagoan indarrean dagoen botere-erregimena mantentzeko. Iraganeko esperientzien inguruan burgesiak egiten dituen errelato eraikuntzek izaera politiko jakin bat dute krisi kapitalistaren testuinguru honetan: funtsean, proletariotzaren kriminalizazioa eta antolakuntza politiko-iraultzailearen debekua. Instituzio hegemonikoetatik egiten dituzten errelato horiek zuzentasunaren, pluraltasunaren eta ongibidearen adierazgarri (neutral) izan nahi badute ere, indarrean dagoen botere-erregimen despotikoa zuritzeko eta indartzeko baino ez dute balio, eta estatuen aurkako mugimendu politikoen kasuetan, militante politikoen aurkako zigorra eta zapalketa sistematikoa ezartzeko balio dute.


Komunistok guztiz bestelako jarrera bat defendatzen dugu. Ezin dugu iraganeko esperientzien inguruko errelatoaren eraikuntza burges-instituzioen menpe utzi. Askatasunaren aldeko esperientzia historikoak tradizio sozialistaren parametroetan ulertu behar ditugu. Batetik, esperientzia horien eta milioika militante politikok erakutsitako jarreraren balioa aitortu behar dugu; hau da, askatasun politiko kolektiboagatik egindako borrokaren ondare etikoaren aitortza egin behar da. Izan ere, militantzia politikoak zerbait adierazten badu, hori giza-fakultateak programa historiko askatzaile baten mesedetan ipintzeko borondatea da, zeinak militanteen eskuzabaltasuna, duintasuna eta handitasuna erakusten duen. Bestetik, esperientzia horien irakaspen politikoak eta mugak modu kritikoan jaso behar ditugu; hau da, egungo baldintza kapitalisten azterketa zorrotzean oinarriturik, esperientzia horien herentzia kritikoak egungo mugimendu iraultzailearen efektibitatea lortzen lagundu behar digu.


Euskal Herrian, beste lurralde askotan bezala, askatasunaren aldeko borondate politikoa eta borroka egon den heinean, horren aitortza egitea garrantzitsua dela uste dugu. Guk militantzia politikoaren ondarea bizirik mantentzeko ahalegina egingo dugu, bai eta Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borondatea mantentzeko ere. Horri loturik, Euskal Herriaren askatasuna dimentsio guztietan gauzatu behar dela uste dugu (ekonomikoan, politikoan, kulturalean...) eta horrek burgesiaren boterearen kontrako estrategia komunista integral bat eskatzen duela defendatzen dugu, nahitaez Espainiako eta Frantziako estatu burgesei aurre egingo diona. Gainera, hori guztia nazioarteko prozesu iraultzailearekin batera garatu behar dela defendatzen dugu; hau da, proletalgoaren antolakuntza eta estrategia komunista internazionalarekin batera, Euskal Estatu Sozialista eta klaserik gabeko gizarte unibertsalaren proiektua prozesu politiko beraren parte izan daitezen.



bottom of page