top of page

PABLO HASEL ASKATU!

DEMOKRAZIA BURGESAREN AURREAN, PROLETALGOAREN ASKATASUNAK DEFENDATU!

Espainiako demokrazia burgesak Pablo Hasel abeslari kataluniarra atxilotu eta kartzelaratu du aste honetan. Bere kanten bitartez Espainiako erregetza iraintzea eta terrorismoa goratzea egotzita kartzelaratu dute. Guk Pablo Haselen askatasuna eta kaleratzea aldarrikatzen dugu; halaber, egun hauetan hari elkartasuna erakusteagatik zein polizia jazarpenari aurre egiteagatik errepresioa jasan duten guztiei ere gure babesa adierazi nahi diegu.


Bankari eta enpresarien kontrolpeko erregimenei aurre egingo dion langileriaren antolakuntza indartsurik gabe, erregimen horiek totalitarismora jotzen dute, are gehiago krisialdi ekonomikoetan. Oro har, hori da Europan zehar gertatzen ari dena, oligarkiaren aginduei men egiten dien demokrazia eredu burgesak proletariotzaren oinarrizko askatasunak erasotzen ari dira: proletalgoa kontrolatuta dago, kriminalizatuta, politikoki ilegalizatuta eta pobreziara kondenatuta. Hori mendebaldeko estatu burges-demokratiko ugaritan ari da gertatzen, zeinetan eta botere ekonomikoa eta politikoa oligarkia finantzarioaren eskuetan dagoenetan.


Pablo Haselen kartzelaratzea oinarrizko eskubideen ezabapenaren adibide garbia da, eta zehazki, adierazpen askatasunaren ezabapenarena. Demokrazia burgesak ezartzen ari diren testuinguru totalitaristan, askatasun politikoen auzia gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen ari da. Izan ere, askatasun politikoen gabezian, langileriaren babesgabetasuna handitu egiten da eta erregimen horiei aurre egiteko saiakerak gero eta gogorrago kolpatzen dituzte agintariek: adibidez, etxebizitza eskuratzea gero eta zailagoa den honetan, okupazioa jazartzeko baliabideak indartzen ari dira; adierazpen askatasuna mugatzen dute eta klase dominantearen abusuen aurkako iritzia eratzea zailtzen dute; pandemia aitzakiatzat hartuta, polizia-baliabideak handitzen dituzte eta sektore ugari sistematikoki kriminalizatzen eta erreprimitzen dituzte; zirkulatzeko eta biltzeko askatasuna mugatzen duten bitartean, langileriaren antolakuntza politikorako baldintzak ezabatzen dituzte. Hori guztia modu bortitzenean pairatzen duena gizarteko sektore pobretuena da: proletariotza, hain zuzen ere.


Askatasun politikoak sozialismoaren eraikuntzarako elementu bat gehiago dira; izan ere, alde batetik, militantzia politikorako baldintzak ezartzen dituzte eta, beste alde batetik, bankari eta enpresari handien kontrolpeko gizarte eredu totalitario honen aurkako mugimendu iraultzailea zilegiztatzeko balio dute; hau da, polizia abusuen aurrean autodefentsa erabiltzeko; genero, arraza eta bestelako zapalkuntzen aurka antolatzeko; etxe-kaleratzeak gelditzeko; behar politiko zein sozialetarako eraikin eta baliabideak desjabetzeko eta abar luze bat. Pablo Haselen atxiloketak Espainiako erregimen burgesaren aurka adierazteko askatasunik eza erakutsi du. Ezinbestekoa da dominazio eta injustizia gertakariei aurre egitea eta, era berean, adierazpen askatasuna defendatzea.


Prozesu horretan amnistiaren aldarriak ere bere lekua hartzen du. Izan ere, burgesiaren erregimenari aurre egiteagatik errepresioa jasan duten horien egoerari aurre egiteko errebindikazio politikoa da amnistiarena. Horregatik, Pablo Haselen atxiloketaren aurrean amnistia aldarrikatzen dugu eta amnistiaren gaurkotasuna defendatzen dugu.


Pablo Haselen atxiloketa salatzeko eta proletalgoaren askatasun politikoak defendatzeko mobilizazioak antolatu ditugu Euskal Herriko herri ugaritan, eta bestelako eragileek antolatu dituzten deialdietan ere parte hartuko dugu.


Pablo Hasel askatu! Demokrazia burgesaren aurrean, proletalgoaren askatasunak defendatu!

bottom of page