top of page

MAIATZAK 1

PROLETARIOTZAREN ANTOLAKUNTZA KOMUNISTA INDARTZEN

Maiatzaren Lehenak adiera bat edo beste hartu izan ohi du bakoitzaren ikuspegi eta posizio politikoaren arabera. Gure posizionamendua borondate komunistak definitzen duen heinean, Maiatzaren Lehenaren zentzu iraultzailea elementu honetan kokatzen dugu: langileriaren aurkako injustizien amaiera aldarrikatzetik harago, proletariotzak bere kabuz aurrera eraman dezakeen proiektu komunistaren gaurkotasun historikoan. Izan ere, 'proletariotza' adierak bere horretan potentzialitate politiko-iraultzailerik gorde badezake, hori klaserik gabeko gizartearen proiektu unibertsala gauzatzeko eduki dezakeen borondate errealean datza. Horrek egiten du proletalgoa subjektu iraultzaile; hau da, gizarte egituraketa burges osoaren aurkako antolakuntza politikoak, horrek proiektu unibertsal baten gauzapenari bide eman diezaion. Hori horrela, antolakuntza komunistaren aldeko aldarria eta eguneroko lan militantea egiten dugunean, balore eta printzipio komunistetan oinarritzen den prozesu politikoa posible egingo duten baldintzak sortzeaz ari gara.


Pandemiaren etorrerak eta horren inguruan oligarkia finantzarioak egin duen gobernantza diktatorialak -alderdi politiko zein biztanleriaren zati baten oniritziarekin-, zuzenean langileriaren bizi eta lan baldintzak kolpatu ditu, baina, horrez gain, komunismoa indar erreal bihurtu ahal izateko baldintzak ere zaildu ditu. Izan ere, kaleak militarizatu eta poliziaren presentzia areagotu zein normalizatu dituzte, biltzeko eta manifestatzeko baldintzak okertu dituzte, herri eta lurraldeen arteko mugikortasuna zaildu eta debekatu dituzte, etxerako agindua dekretatu dute, kontrol teknikak areagotu dituzte, polizia-baliabideak handitu dituzte eta abar luze bat. Alde batetik, proletalgoa ekonomikoki are gehiago zapaldu dute, eta miseriazko biziraupenera kondenatzen dute; bestetik, politikoki ilegalizatu egin dute, eskubide politikoak ezabatuz eta kriminalizazio zein errepresio objektu bihurtuz. Kapitalismoaren egungo bilakaerak totalitarismoa dauka ipartzat eta bere osotasunean aurre egingo dion botere komunista berreraikitzea beharrezkoa eta premiazkoa bihurtu zaigu.


Gaur egun paradigma ekonomikoaren aldaketa bizitzen ari gara eta, ekoizpen ereduaren modernizazio teknikoarekin batera, langileriaren konposizioa ere aldatzen ari da. Langile izatearen iruditegi estatikoa elikatu eta politika erreformista elikatu ohi dituen ikuskera obrerista batetik harago, begien bistakoa da langile kondizioak dominatu egoerari egiten diola erreferentzia, eta horrek, printzipio politiko unibertsalizagarriak eskatzen ditu. Proletario kondizioa hedatzen ari da gizartean: bai kuantitatiboki (krisiak dakarren klase ertainaren desintegrazio eta geruza zabalen proletarizazioaren bitartez) eta baita kualitatiboki ere (dominazio burgesaren intentsitatea handitzen duten mekanismoen bitartez: askatasunen ezabapenak, kontrol-teknikak…). Alabaina, ezingo da sozialismoaren eraikuntzarako prozesu politikorik garatu sektore proletarioetan militantzia komunistaren eredua nagusi bihurtu ezean. Horretarako, beharrezkoa da antolakuntza politikorako baldintzak hobetzea, instituzio sozialista askeak eraikitzea eta botere eredu unibertsala garatzea.


Maiatzaren Lehenak jarraikortasuna txertatzen du historian, langile mugimenduaren oraina eta iragana elkartzea ahalbidetzen duelako. Horrek, gutxienez, bi elementu eskaintzen dizkigu. Batetik, memoria politikoaren garrantzia eskaintzen digu, langile mugimenduaren historian milioika pertsonek beren bizia eman dutelako emantzipazio eta askatasun kolektiboaren alde. Ikuspuntu estrategiko batetik, iraganeko esperientzien sintesiak sekulako garrantzia dauka oraineko politika iraultzailea modu egokian diseinatu ahal izateko. Izan ere, iragana, langile mugimenduaren esperientzia multzo gisa, erreminta kutxa propioa da, zeina irakaspenak ateratzeko eta programa komunista aktualizatzeko erabili behar dugun. Bestetik, proletalgo iraultzailearen balio etiko-politikoa eta izaera berezkoena adierazten duelako: internazionalismoa. Fase historiko desberdinetan sozialismoaren alde borroka egin duen subjektua proletariotza iraultzailea izan da, bere indarrak antolakuntza komunistaren bitartez batu eta handitu izan dituena mundu mailako ekoizpen eredu kapitalistaren eta burgesiaren aurka egiteko.


Burgesia eta bere kontrolpeko estatuak joera totalitarioak hartzen ari dira, sozialdemokraziak ez dauka bide-orri askatzailerik proletariotzarentzat (salbuespen-politikak ezartzeko baimena eman du, modernizazio kapitalistara bideratutako Europako Funtsak onartu dituzte...) eta komunismoa maila ideologiko eta organizatiboan deseginda dago. Beharrezkoa eta premiazkoa da errealitate osoaren gaineko kontzeptualizazio politikoa egitea, zeinak esparru sozial oro klase borrokarako eszenatoki bihurtuko duen, esparru horietan guztietan proletariotzaren antolakuntza komunistaren bitartez prozesu sozialista hedatu ahal izateko. Bide horretan, Maiatzaren Lehenean iraganaren dimentsio etiko eta estrategikoa pentsatzearen garrantzia azpimarratzen dugu, eta bertatik ondorioztatzen diren tesiek estrategia komunista aktualizatzeko balio behar dute. Proletariotzaren antolakuntza komunista indartzen jarraitu behar dugu

bottom of page