top of page

Torturaren aurkako eguna

Burgesiak eta bere menpeko gobernuek behin eta berriro erabili dute tortura, batez ere langile mugimendu iraultzaileari aurre egiteko. Testuinguru historiko desberdinetan, herrialde ugaritan eta alderdi politiko desberdinen ardurapean torturatu dituzte militante politikoak. Hori horrela, tortura ez da salbuespenezko praktika bat izan, dominazio burgesaren berezko osagaia baizik. Izan ere, argi dago, bere boterea mantentzeko edozein mekanismo erabiltzeko prest dagoela burgesia, horrek inongo eskrupulorik gabe jokatzea eta humanitatearen adierazpen guztiak alboratzea badakar ere. Militantzia politiko iraultzailearen baldintza guztiak ezabatzeko helburuarekin, burgesiak eta bere menpeko agintariek militante politikoak fisikoki zein psikologikoki txikitzera iritsi dira.


Estatu burgesak mugimendu iraultzaile ororen baldintzak kosta ala kosta ezabatzen saiatu dira uneoro, eta errepresiorako bitarteko bat gehiago bezala erabili dute tortura. Torturaren estatu-praktikak sekulako ondorioak eragin ditu, Espainiar eta Frantziar estatuak Euskal Herrian egin dutena horren adibide krudela delarik, milaka izan baitira estatu zapaltzaileen eskuetan modurik krudelenean torturatuak izan diren militante poltikoak: hildakoak, jipoituak, muturreko sufrimendua pairatu dutenak, bizi osorako ondorio psikologikoak eduki dituztenak... Argi dago militantzia politikoan oinarritutako mugimendu iraultzaileak deuseztatzeko bitarteko bezala erabili dutela tortura.


Gainera, torturaren praktika horretan instituzio eta figura autoritario ugarik hartu dute parte: epaileek, politikariek, poliziak... Estatuaren babesarekin, inpunitate osoz zuzenean torturatu edota horretan kolaboratu dute. Estatuek demokraziaren eta eskubideen ideologia zabaltzen zuten bitartean, modu krudel eta zikinean torturatu dituzte militanteak, ongizate fisiko eta psikologikorako baldintzak guztiak txikituz.


Kontuan eduki behar da burgesiak eta beraien menpeko gobernuek beharrezko dutenean eskura dituzten mekanismo guztiak erabiltzen jarraituko dituztela mugimendu iraultzaileei aurre egiteko. Horregatik, auzi hau ez da soilik iraganeko auzia, baita orainaldikoa ere. Eskubide politikoen aldeko borrokek bere baitan txertatuta eduki behar duen elementua da.


Zentzu horretan, militantziarako eskubide politikoen defentsa berresten dugu, eta norabide horretan kokatzen dugu amnistiaren aldarrikapena. Izan ere, beharrezkoa da militantziarako eta borrokarako baldintzen alde borrokatzea, estatu sozialistaren norabidean. Azkenik, gure babes osoa bidali nahi diegu torturatuak izan diren militante politiko guztiei.

bottom of page