Gazte Koordinadora Sozialistatik, urtarrilaren 29rako antolatu ditugun mobilizazioen berri eman dugu gaurkoan. Bilbon eta Iruñean manifestazioak deitu ditugu, Burgesiaren diktadura gelditu! Ofentsiba ekonomikoa eta politikoa gelditu, lelopean.
Pobreziaren gorakada eta eskubideen ezabapenak normalizatzen ari diren garai honetan, komunikabide nagusiek eta alderdi politikoek covid-19a bihurtu dute etsai nagusitzat. Gure ustez, horren guztiaren atzean burgesiaren ofentsiba ekonomikoa eta politikoa ezkutatzen da. Horren aurrean, pobretzen ari garen gazte sektoreok kalera atera behar dugu eta geure burua politikoki antolatzen jarraitu behar dugu, enpresarien eta politikarien fartsatik kanpo. Horregatik, urtarrilaren 29an manifestazioak egingo ditugu Bilbon eta Iruñean, "Burgesiaren diktadura gelditu" lemapean, eta gazteriari dei egin nahi diogu bertan parte dezan.
Gizartearen eta gazteon gaitasun ekonomikoak nabarmen egin du behera azken urtean. Gazteriaren ia erdia pobreziaren atalesetik gertu bizi da; gure egunerokotasunaren parte bilakatu dira langabeziatasa ikaragarriak, soldata baxuak, lan ezegonkorrak, lan kaleratzeak, aldi baterako lanak… Gutxieneko diru sarreraren bermerik gabe eta bizitzeko oinarrizko produktuen garestitzearekin, bizi eredu pobreak finkatzen hasi dira. Pobreziaren gokada hau ez da kasualitatez gertatzen. Izan ere, gizarte kapitalista krisian dago eta burgesiak ofentsiba ekonomikoa jarri du martxan. Langileria lanpostutik bota, soldatak murriztu, lan baldintzak okertu, eskubide ekonomikoak ezabatu eta bizi baliabideak garestitu dituzte.
Mundu guztiak daki alderdi politikoen bitartez ezin zaiola errealitate horri aurre egin. Bankari eta enpresari handiek erabaki ekonomiko nagusiak hartzen dituzte eta miseria ekonomikoa sortzen dute, eta alderdi politiko parlamentario burgesek miseria hori kudeatu baino ez dute egiten. Gizarteko sektore desberdinetara zuzentzen badira ere, alderdi politikoak ordena burgesaren zaindariak bihurtu dira.
Horregatik, beharrezkoa da enpresarien eta beren alderdi politikoetatik kanpo antolatzea. GKS klase independentzia horren adierazpen bat da, gazte proletarioen antolakuntza politikoa bultzatzen duena. Bankarien, enpresari handien eta politikari profesionalen mundu honi, proletalgoaren antolakuntza independentearen bitartez egin behar diogu aurre.
Baina, burgesiaren ofentsiba ez da soilik ekonomikoa. Gero eta nabarmenagoa da estatuek funtzio errepresiboa betetzen dutela proletalgoarekiko: askatasun ezean eta pobrezian oinarritutako bizi eredura ohitu nahi gaituzte. Gauzak horrela, azken urtean oso aurrekari arriskutsuak jarri dira; izan ere, eskubide zibil eta politikoak ezabatzea normalizatzea lortu dute. Koronabirusaren ideologia sanitarioak horretarako funtzioa ere bete du, horren izenean konfinamenduak, toque de queda, konfinamendu perimetralak, poliziaren jazarpena, kontrol mekanismoak eta bestelako neurri totalitarioak justifikatu dituztelako. Basakeria neurri totalitarioen normalizazioa da. Enpresari handiak eta politikariak gero eta testuinguru errepresiboagoa sortzen ari dira, zeinetan kriminalizazioa, bazterketa eta polizia jazarpena normalizatzen doazen. Hori, burgesiaren ofentsiba politiko bezala ulertu behar da, eta begien bistakoa bihurtu da neurri politikoen eta ekonomikoen arteko lotura.
Gazte proletario bakoitzak nork bere arazoak baditugu ere, beharrezkoa deritzogu guztion eskubideen alde mobilizatzea. Izan ere, antolakuntza independente indartsurik eta erantzun zuzen eta jendetsurik gabe, ezingo diogu egoera honi aurre egin. Beharrezkoa zaigu, beraz, kalera ateratzea, eta promesa faltsuen eta desesperantzaren gainetik proletalgoa batzea. Horregatik, urtarrilaren 29an kalera aterako gara, eta gazteriari dei egiten diogu bertan parte hartu dezan. Burgesiaren diktadurari aurre egin! Ofentsiba ekonomiko eta politikoa borrrokatu!