top of page

Aberri egunaren harira

2023 api. 9(a)

Euskal Estatu Sozialistaren aldeko konpromisoa berretsi nahi dugu egun honetan. Euskal Herrian enpresari handien proiektua da nagusitzen dena eta nazio aske izateko borondatea zapalduta dago, bestelako eskubide ugarirekin batera.

Euskal Estatu Sozialistaren aldeko konpromisoa berretsi nahi dugu egun honetan. Euskal Herrian enpresari handien proiektua da nagusitzen dena eta nazio aske izateko borondatea zapalduta dago, bestelako eskubide ugarirekin batera. Argi adierazi nahi dugu zapalkuntza egoera horri aurre egiteko eta Euskal Herriko ondare kulturalaren defentsa egiteko konpromisoa daukagula eta hori guztia sozialismoaren proiektupean lantzea eta borrokatzea defendatzen dugula.


Enpresari handien proiektua era desberdinetan dago egonkortuta Euskal Herrian. Alde batetik, erregimen politiko bezala; hau da, Frantziako eta Espainiako estatu kapitalistetan banatuta dago Euskal Herria. Estatu kapitalista horiek, kultur eskubideen urraketa eta zapalkuntza egoera betikotzen duten bitartean, Euskal Herriko burgesiaren interesak ere ordezkatzen dituzte. Beste alde batetik, erregimen ekonomiko kapitalista bezala. Izan ere, Euskal Herriko egitura ekonomikoa lege kapitalistei menperatuta dago, lanaren banaketa internazionalaren parte da eta bertako enpresa ugari Euskal Herriko zein mundu osoko proletariotzaren esplotaziotik probesten dira. Hori guztia, gainera, Europar Batasunaren baitan egonkortuta dago; hau da, maila internazionalean antolatuta dagoen oligarkia finantzarioaren kontrolpean dago, eta ez dira gutxi egitura burokratiko-instituzional horretatik elikatzen diren Euskal Herriko enpresariak eta politikari profesionalak. Horrek guztiak Euskal Herriaren ondare kulturalen biziraupenerako eta garapen askerako baldintzak ere zailtzen edota ezabatzen ditu, euskararen egoerak erakusten duen moduan.


Gauzak horrela, Espainiako eta Frantziako estatu burgesek agintzen dutenez gero, Euskal Herriaren askatasuna eta sozialismoa erdiesteko proiektua errepresio objektua da. Izan ere, Euskal Herria kultura eta norbanako askez osatutako gizarte bezala egikaritzeak burgesiaren erregimen politiko zein ekonomikoarekin haustea inplikatzen du. Horregatik, Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatu duten milaka eta milaka pertsonen gainean errepresio politikoa aplikatu izan dute Espainiako eta Frantziako estatu kapitalistek, eta arrazoi beragatik egiten jarraituko dute. Horrek guztiak amnistiaren aldarrikapena geure egitera garamatza, zeinak preso politikorik gabeko testuingurua galdegiten duen heinean, sozialismoaren eraikuntza-prozesu guztian zehar presente egongo den aldarrikapen politikoa ere baden. Hasieran esan bezala, Euskal Herrian bizi dugun zapalkuntza egoeraren aurrean, Euskal Estatu Sozialista aldarrikatzen dugu. XXI. mendeko kapitalismoaren garapen fase honetan, non -besteak beste-, burgesiaren fakzio boteretsuena oligarkia finantzarioak osatzen duen eta estatuetatik haratago antolatuta dagoen, Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko beharrezko baldintza sozialismoa nazioartean errotuta eta antolatuta egotea da. Hau da, langileon kontrolpeko estatu sozialistez osatutako ekosistema batean da posible Euskal Estatu Sozialista, eta inolaz ere ez oligarkia finantzarioaren menpeko nazioarteko testuinguruan. Horregatik, eta sozialismoaren printzipioak unibertsalak direlako, Euskal Estatu Sozialista eta sozialismoaren nazioarteko eraikuntza prozesu beraren parte direla ulertzen dugu.


Aldi berean, eta amaitzeko, gaurdanik Euskal Herriko ondare kulturalaren defentsa egitearen garrantzia aldarrikatu nahi dugu. Hizkuntzaren alorrari dagokionez. euskaraz bizitzeko eta ikasteko baldintzen aldeko jarrera argia eduki dugu hasieratik, eta horrela jarraituko dugu aurrerantzean ere euskararen erabilerari lehentasuna ematen eta berau esparru desberdinetan sustatzen. Horrekin batera, euskararen garapen askerako baldintzen borroka Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzari loturik ulertzen dugula adierazi nahi dugu.

bottom of page