top of page

Gazte Topagune Sozialistaren balorazio oharra

2022 uzt. 24

lkasle Abertzaleakek eta Gazte Koordinadora Sozialistak batera antolatu dugun Gazte Topagune Sozialistari amaiera eman diogu gaur. Asteazken arratsaldean hasi genuen Topagune Sozialista eta egitarau zabal bat izan dugu egun hauetan: hitzaldiak, mahai-inguruak, kirol ikuskizunak, tailer desberdinak, umore emanaldiak etab. Egun hauetan zehar, 2000 pertsona baino gehiago gerturatu dira bertara, aurreko bi edizioetan baino asistentzia handiagoa.

lkasle Abertzaleakek eta Gazte Koordinadora Sozialistak batera antolatu dugun Gazte Topagune Sozialistari amaiera eman diogu gaur. Asteazken arratsaldean hasi genuen Topagune Sozialista eta egitarau zabal bat izan dugu egun hauetan: hitzaldiak, mahai-inguruak, kirol ikuskizunak, tailer desberdinak, umore emanaldiak etab. Egun hauetan zehar, 2000 pertsona baino gehiago gerturatu dira bertara, aurreko bi edizioetan baino asistentzia handiagoa.


Edizio honetan ere, garrantzia berezia hartu dute hausnarketa eta formakuntzarako ekimenek. Izan ere, hitzaldi eta solasaldi desberdinak antolatu ditugu, zeinetan jende askok hartu duten parte. Bertan, mugimendu sozialistako tesi politiko eta erronka nagusien inguruan jardun dugu: besteak beste, internazionalismoaren inguruan dugun ulerkeraz, borroka ideologikoaren eta kulturalaren garrantziaz, lurralde desberdinetan independentzia politikoz antolatzeko saiakera eta esperientziez, mugimendu sozialistatik espazioen problematikari eman zaion proiekzioaz eta abar. Hitzaldi eta solasaldi horien bitartez, bai eta bestelako ekimen ugariren bitartez ere, komunitate politikoa sendotzen jarraitzen dugu eta sozialismoaren aldeko sarea handitzen doala esan dezakegu. Helburu horiei erantzuten dio Topagune Sozialistak; hau da, orain arte egindako lanaren emaitza den bezala, eguneroko lan desinteresatu hori eta prozesu politikoa elikatzeko elkargunea ere bada.


Azkenik, Gazte Topagune Sozialista antolatu dugun hirugarren edizioa izan da aurtengoa, eta berriro erakutsi dugu topagunea baldintza onetan eta herritar zein bizilagunekiko errespetuz aurrera eramateko gai garela. Horren adibide da, besteak beste, egunero garbiketa txandak antolatu izana, udal azpiegiturak modu egokian erabili izana, auzokoekin hitz egiteko borondatea eta bitartekoak jarri izana, bertako ordutegi eta jardunak errespetatzea eta abar. Kontrara, udal baliabide publikoen erabilera erraztu beharrean, Durangoko Udalak hainbat traba burokratiko jarri dizkigu eta jarrera horrek eragina izan du Topagune honetan, batez ere gastu ekonomikoa handitu digutelako, guneen kokalekua aldatu eta urrundu duelako, eta espazio publikoen erabilerarako baimenak azken unera arte kolokan jarriz ezegonkortasunera eraman gaituelako.


Azkenik, beti egiten dugun moduan, aurtengo edizioan ere espazio seguruak sortzen ahalegindu gara; hau da, eraso matxista, faxista, arrazista eta antzekorik gabeko guneak, eta horretarako beharrezko protokolo eta baliabide humanoak jarri ditugu egun guztietan.


Aurrera begira horrelako ekimenak antolatzen jarraitzeko borondatean berresten gara, langileriaren prozesu sozialista elikatzen jarraitzeko helburuarekin.

bottom of page