top of page

Oroimena eta askatasuna

2023 ira. 27

Prozesu iraultzaileak ez dira hutsetik hasten, aurreko militante politikoek utzitako ondare eta baldintzetatik baizik.

Horren aitortza egitea eta langileria iraultzailearen oroimen kolektiboa bizirik mantentzea mugimendu iraultzaileen betekizuna da.

Jazarpen, indarkeria eta, oro har, injustizia egoerei aurre egin nahian, asko izan dira mundu osoan zehar beren burua militantzia iraultzailera eraman dutenak, bai eta borroka-ziklo ezberdinak abiatu dituztenak ere. Saiakera eta borroka-esperientzia horiek guztiak, jasandako porrot eta eskuratutako lorpen guztiekin, ez dira alferrikakoak izan, ondoren etorri diren belaunaldi berrientzako abiapuntua izan baitira. Izan ere, prozesu iraultzaileak ez dira hutsetik hasten, aurreko belaunaldien ondare politikotik baizik: esperientzia praktikoak, garatutako kontzeptu estrategikoak, eraikitako antolakuntza ereduak, planteamendu taktikoak eta abarrak, ziklo iraultzaile berri baterako lehengaiak dira, ikuspegi kritiko batetik jaso eta garatu behar direnak. Ziklo horietan guztietan prozesu iraultzaileen mesederako guztia eman zuten militanterik gabe ez legoke gaur egun balizko prozesu iraultzaile baterako baldintzarik. 


Jakina da, aldi berean, burgesiak eskura izan dituen bitarteko guztiak erabili dituela ziklo iraultzaileak garaitzeko eta borroka-ondarea ezabatzeko. Orain 48 urte egin bezala, bost militante iraultzaile erail bazituen ere, langileria iraultzaileak borroka-ikur bihurtu zituen, horien bitartez gainerako militante politikoak oroitzeko bide gisa. Horren guztiaren aitortza egitea eta langileria iraultzailearen oroimen kolektiboa bizirik mantentzea, beraz, mugimendu iraultzaile ororen betekizuna da. 


Bide beretik, Espainiako eta Frantziako estatuek Euskal Herrian hamarkada luzez ezarritako ukapen eta zapalkuntza egoeraren aurrean militante andanak egin du borroka. Horri esker, nazio zapalkuntzari eta klase menderakuntzari aurre egiteko kontzientzia politikoa eta militantzia iraultzailea estimu handian duen kultura politikoa bizirik mantendu eta eguneratu da belaunaldiz belaunaldi, asimilatutako buruzagitza sozialdemokrata tradizio iraultzailea desagerrarazten ahalegindu bada ere. Euskal Herriaren askatasuna lortzeko ekarpena egin duten militante iraultzaile horien aitortza egitea beharrezkoa da, borrokarako, antolakuntzarako eta militantziarako kultura iraunarazi dituztelarik. Horrekin guztiarekin batera, ezin ditugu alde batera utzi Espainiako eta Frantziako estatu zapaltzaileek erreprimitu dituzten milaka milante: atxilotu, torturatu, espetxeratu, erbesteratu, jazarri eta erail dituzten guztiak. 


Era berean, Euskal Herriak ukapen eta zapalkuntza egoera batean dirau, eta horri aurre egiteak garrantzia eta gaurkotasuna izaten jarraitzen du. Askatasuna, ordea, ez da etorriko enpresari handien eta bankarien erregimen ekonomiko zein politikoarekin hautsi gabe. Zentzu horretan, Euskal Herriko langileriak Euskal Estatu Sozialista gisa autodeterminatzeko duen eskubidea defendatzen dugu, eta bide horri ekarpena egiten ahaleginduko gara. Baina, horretarako, ezin da bertako enpresariekin eskutik emanda joan, ez eta Espainiako eta Frantziako estatuekin estatu-akordioak helburutzat eduki; kontrara, egungo bloke geoestrategikoen baitan proletariotza zentzu sozialista batean politizatzeko eta antolatzeko baldintzak jarri behar ditugu, maila internazionalean ziklo politiko iraultzaile berria abiarazteko. Euskal Herritik ekarpena eginez eta bertako berezitasunak aintzat hartuta, internazionalki sozialismoa eraikitzetik soilik lortu dezakegu Euskal Herriko langileok Euskal Estatu Sozialista gisa autodeterminatzea. 


Azkenik, ezin begi bistatik kendu egungo burgesiaren joera autoritarioak. Izan ere, egiturazko krisialdia dela eta, kapital blokeari akumulazio zailtasunak areagotzen ari zaizkio eta, testuinguru horretan, proletariotzaren aurkako neurriak gogortzen ari da azken hamarkadetan. Langile askoren baldintza ekonomikoak okertu dituen bitartean, proletariotza iraultzailea politikoki antolatzeko oztopoak handitu ditu burgesiak, eskubide politikoak murriztuz: kode penala gogortuz, estatuak militarizatuz, kontrol teknologiak handituz, faxismo berritu bat bultzatuz eta abar. Hori dela eta, amnistiaren kontzeptu politikoak gaurkotasun osoa izaten jarraitzen du; izan ere, belaunaldi proletario berrientzako borroka egiteak premiazko izaten jarraitzen duen heinean, militantziarako eta borrokarako baldintzak defendatu behar ditugu. 

bottom of page